XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urte amaieran erregaien prezioek gora egingo dutela diote adituek

URTE amaiera aldera, Espainian eta Hego Euskal Herrian erregaien prezioek gora egingo dutela diote adituek.

Igoera lau eta bost pezeta bitartekoa izango da, eta Europako Batasuneko gainontzeko herrietako prezioekin parekatzera helduko dira.

Erregaiek gutxiago kutsa dezaten Bruselak agindutako neurriek erregaiaren produkzioa eta eraldaketa garestitu egin dute, eta garestitze hori izango da erregaien prezio igoeraren arrazoia, betiere adituek azaldu dutenez.

Espainiako Gobernuak irailean liberalizatuko du gasolinaren prezioa, baina horrek ez du salneurri jaitsierarik ekarriko.

Mugikorren lehiaren eraginez, kaleetako telefonoen errentagarritasuna aztertzen ari da France Telecom

FRANTZIAN eta Ipar Euskal Herrian zortzi milioi telefono mugikor daude, eta 226.000 kaleko telefono publiko.

Haririk gabeko telefono mugikorren hedatzeak kaleetako ohiko telefono publikoen erabilera asko murriztu du, eta France Telecomek kaleko telefono publikoen errentagarritasuna aztertu egingo du.

CGT eta SUD-PTT sindikatuek ohartarazi dutenez, azterketa horren atzean telefono publikoak kentzeko asmoa dago, eta hori zerbitzu publikoaren aurkako erasoa litzateke.

Ekonomian konfiantza handiagoa due Espainiako kontsumitzaileek

BRUSELAK egin duen ikerketa batek azaltzen duenez, Espainian kontsumitzaileek ekonomian duten konfiantzak hobera egin du.

Batik bat, industriaren egoerak ematen die konfiantza herritarrei. Jende oro har itxaropentsu dago pezeta euroan sartuko delako, Bruselak egindako inkestak azaltzen duenez.

Barakaldoko udaltzainen lan egutegia errekurritu egin du CSI-CSIFk

BARAKALDOKO Udalak dekretuz onartu zuen udaltzainen lan egutegia, eta CSI-CSIF sindikatuak errekurritu egin du erabaki hori EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.

Hogeitabi lanpostu bete gabe daude oraindik, eta CSIk enplegu horiek betetzeko eskatzen du.